Berriak Ver más noticias

Edukiontzi marroiaren erabilera sustatzeko eta materia organikoaren jatorrizko hautaketa hobetzeko kanpaina

Getxoko Udalak kanpaina bat jarri du abian edukiontzi marroiaren erabilera sustatzeko eta etxeetako eta jardueretako (merkataritza) hiri-hondakin solidoen materia organikoa jatorrian hobeto hautatzeko. Hori dela eta, ekimen horren garapenaren berri ematen duen gutun bat postontzietan banatzen hasi dira gaur, etxe guztietara fase desberdinetan iristeko asmoz.

 Edukiontzi marroia edo bosgarren edukiontzia, itxiera elektronikoarekin eta irekitzeko hurbiltze-txartela behar duena, 2017an ezarri zen Getxon. Gaur egun, 5.000 pertsonak eman dute alta zerbitzuan, eta kopuru hori handitu behar da estatuko eta Europako legerian ezarritako helburuetara iristeko.

Gaur etxe eta saltokietan banatzen hasi den gutunean kanpaina azaltzen da eta biohondakinak gaika biltzeko sistemari atxikitzeko deia egiten da. Halaber, kartelak jarriko dira atarietan, pertsonek izena eman eta kit osoa etxean bertan jaso ahal izateko. Gainera, saltokietara bisita pertsonalizatuak egitea aurreikusten da.

Aldi berean, sentsibilizazio-kanpaina bat egingo da, hainbat informazio-gune ibiltari ezarriz. Puntu horietan, herritarrak artatuko dira, kanpainari eta bio hondakinen gaikako bilketa-sistemari buruzko informazioa emanez, eta etxean materia organikoa modu egokian bereizteko moduari buruzko argibideak emanez. Sisteman alta ematen dutenei bio hondakinentzako kita emango zaie hurrengoekin: aireztatutako kubo marroi bat, edukiontziak zabaltzeko txartel elektronikoa, poltsa konpostagarrien pakete bat, eta bereizi beharreko materialari buruzko informazio-imana eta zerbitzuari buruzko informazio-gida bat.

Informazio-gune ibiltariak Areetako Andrés Larrazabal eta Nagusi kaleen elkargunean maiatzaren 10ean, 12an, 14an, 25ean eta 27an egongo dira; Romoko Santa Eugeniako plazan, maiatzaren 18an, 20ean eta 31n eta ekainaren 2an eta 4an; Algortako Geltokia plazan, maiatzaren 11n, 13an, 24an, 26an eta 28an, eta Ollarretxe eta Salsidu kaleen elkargunean, maiatzaren 17an, 19an eta 21ean  eta ekainaren 1ean eta 3an; Negurin, Gernika parkean ekainaren 7an, 9an 11n, 22an eta 24an, eta  San Inazio plazan ekainaren 15ean, 17an, 28an eta 30ean eta uztailaren 2an; eta Andra Marin, Malakate parkean, ekainaren 8an, 10ean, 21ean, 23an eta 25ean, eta Borobia parkean, ekainaren 14an, 16an, 18an eta 29an eta uztailaren 1ean.

Ordutegia asteartetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da, eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Zer birziklatu. Poltsa konpostagarriak eta doako konpostak

Edukiontzi marroian, animalia-jatorriko hondarrez gain (haragi, hestebeteak, arrain eta itsaskiak, arrautzak eta horien oskolak, hezurrak eta gazta), kozinatuak edo gordinak, honako hondakin hauek ere bota daitezke: begetalak (fruituen hondar eta hezurrak, ortuariak, lekaleak, barazkiak, pastak eta arrozak, haziak, fruitu lehorrak eta horien oskolak, zerealak), kozinatuak edo gordinak; loreak eta landareak, belarra eta inauste-hondarrak, ogia, gailetak eta opilak, sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, kafe-poso eta -iragazkiak, txikoria, infusio-poltsatxoak, kortxo naturaleko tapoiak, kartoizko arrautza-ontziak eta kartoi ondulatu zikina (guztiak materia organikoz bustiak), brotxetetarako edo beste elikagai batzuetarako zotzak, izozki-makilak eta antzekoak, algak, alpistea, gozokiak, irina, marmelada edo poltsa, ontzi eta tresna konpostagarriak.

Gainera, aipatu bezala, organikoa banatzen duten eta edukiontzi marroia erabiltzen duten pertsonak, 17 astean behin, 37 poltsa konpostagarri eta lore eta landareentzako ongarri-ontzi txikiak eskuratu ditzakete dohainik, Algortako Urgull kaleko udal-bulegoetan, Romo Kultur Etxean eta Fadura eta Gobela kiroldegietako hallean jarritako lau makinetan.

Eduki hau baloratu

Iruzkinak . Zure iruzkina egin

Ez dago iruzkinik

Iruzkin bat egiteko erabiltzeko baldintzak onartzea beharrezkoa da.  Kutxatila markatu baldintzak onartzeko eta loturan baldintzak irakurtzeko