Berriak Ver más noticias

Gai organikoetarako edukiontzi marroiaren ezarpena hasi da

Udalak bosgarren edukiontziaren edo gai organikoetarako edukiontzi marroiaren hedapena abiarazi du. Horrekin batera, informazio- eta kontzientziazio-kanpaina bat egingo da, haren erabiltzeko modua, zein hondakin utz daitezkeen eta zein onura dakartzan jakiteko. Bosgarren edukiontzia sukaldean (edo lorategian sortzen) diren biohondakinak edo landare jatorriko zarama organikoa birziklatzeko erabiltzen da. Haren helburua hondakin organiko horien gaikako bilketa handitzea da. Udalaren erronkaren arabera, hondakin guztien bilketaren % 50 izan beharko da 2022an, gutxienez, Europako zuzentarauari erantzuteko. “Bakarrik lortuko dugu hori hondakin organikoaren gaikako bilketa ezarriz. Gai organikoak sortzen diren hondakin guztien % 35 dira. Horregatik, oso garrantzitsua da behar bezala tratatzea, gure ingurunean daukaten eragina saihesteko, eta aberastasuna eta enpleguak sortzeko. Hondakin horiek baliabide garrantzitsua dira eta, horrenbestez, aintzat hartu behar ditugu; izan ere, horiekin konposta sortzen da, gero lorezaintzan eta nekazaritzan erabiltzeko. Horrez gainera, gure hondakinen zati handi baten balorazio energetikoaren bidezko tratamendua murrizten dugu, berriro gure ekonomian sartuz balio handiagoarekin; ondorioz, erdiesten dugu Getxok jauzi bat egitea lehen lerrora, gure planetarentzat garapen ekonomiko jasangarri bat lortzeko helburuari dagokionez”, adierazi du Joseba Arregi Hirigintzako zinegotziak. Hasieran, ehun bat edukiontzi jarriko dira gai organikoak birziklatzeko txartela eskatu duten auzokoei dagozkien eremuetan, eta gero, pixkanaka-pixkanaka, herritarrak birziklapen sistema horrekin bat egiten doazen neurrian, gehitzen joango dira, dauden 422 edukiontzi-gune edo -irletara heldu arte. Edukiontzi berriak ezartzearen ondorioz, hasteko ez dira desagertuko aurreikusitako 60 aparkalekuak baino gehiago. “Gai organikoen bilketa % 100 hedatzen duen Bizkaiko lehenengo udalerrietako bat izango gara, hau da, gainerako hondakinen frakzioei ematen diegun tratamendu edo garrantzi berdina emango diogu horri. Gure helburua da estalki grisdun gero eta edukiontzi gutxiago egotea, hau da, estalki grisaren ordez, estalki marroiak, urdinak eta horiak izatea, besteak beste. Horrek esan nahiko du bide onetik goazela, baina, horretarako, herritarren laguntza ezinbestekoa da. Gizabanako bakoitzari dagokigu, gure ekintzen ingurumen ondorioak kontuan hartzea eta erabaki arduratsuak hartzea; familiako aitak eta amak garen aldetik, guri dagokigu seme-alabak heztea, gure mundua garbi mantendu dezaten; eta, pertsona helduak garen aldetik, guri dagokigu erakustea gure adingabekoei gure mundua garbi mantentzeko ez dugula zikindu behar eta, horrek, gure hondakinen gaikako bilketa eta birziklatzearekin inplikatzea dakar; eta gobernua garen aldetik, guri dagokigu hurrengo belaunaldietarako etorkizun iraunkor bat babesten duten politika publikoak eta ekintzak antolatzea” esan du Arregik.

Euskarriak

Kanpainaren euskarri nagusia eskatzen duten pertsona guztiei birziklatzeko kitak banatzea da. Kit horiek honako elementu hauek bilduko dituzte: edukiontzia irekitzeko txartel edo giltza elektroniko bat (edukiontzia zabalduko da giltza estalkiaren gainean jartzean); ontzi aireztatua edo hormetan zuloak dituena, gai organikoak etxean biltzeko; 50 poltsa biodegradagarriren biribilki bat (ezin da plastikozko poltsarik erabili), eta, hori amaitutakoan, poltsak saltegietan eta merkataritza-gune handietan erosi ahalko dira; eta edukiontzi horretan zein hondakin birzikla daitezkeen adierazten duen iman bat. Gainera, gaur bertan hasi da liburuxka bat postontzietan sartzen, edukiontzi marroian birziklatu beharreko gaiei eta hori erabiltzeko moduari buruzko informazioa ematen duena. Halaber, atarietan kartel batzuk jarriko dira, gai organikoak biltzera bultzatzen dutenak, eta irratian iragarki laburrak emango dira.

Utzi beharreko materialak eta onurak

Garbikerrek, Bizkaiko ingurumen politika betearazteaz arduratzen den Foru Aldundiko sozietate publikoak, zehazten du zein diren utzi beharreko materialak. Horrela, edukiontzi marroian honako hauek utzi ahalko dira: fruten, barazkien, lekaleen eta ortuarien hondakin gordinak edo kozinatuak; fruten hezurrak, oskolak eta fruitu lehorrak, haziak eta zerealak; ogia, opilak eta galletak; sukaldeko papera eta paperezko ezpainzapiak (olio hondakinik gabeak), kafe hondarrak, infusio poltsatxoak eta botiletako kortxoak. Halaber, lore eta landare hondarrak, hosto lehorrak, belarra eta inausketa hondar txikiak eta baratzeetakoak utz daitezke. Garrantzitsua da bestelako hondakinik ez uztea, ondoko tratamendua modu zuzenean egitea galaraziko lukeelako. Bosgarren edukiontziak hainbat ingurumen, ekonomia eta osasun abantaila ditu: balorizazio energetikoaren amaierako tratamendu batera bidaltzen diren hondakinak murrizteaz gainera, baliabide berri bat sortzea ere ahalbidetzen digu, berdeguneetan berrerabili dezakegun lehengai bat. Balioa handitu dakiokeen gai organikoa modu zehatzean tratatzen bada, karbono dioxidoaren isuriak gutxitzen dira atmosferan, zerbitzuko karbonoaren aztarna hobetzen da eta berriro erabil daitezke produktua berriro sartuz. “Beste hiri batzuetako esperientziak positiboak izaten ari dira, kalitate oneko materiala jasotzen baitute. Hala ere, horri buruzko informazioa emateko eta kontzientziatzeko lan egiten jarraitu behar dugu, bosgarren edukiontziko kide egiteko indizeak handitu behar baitira. Beraz, zeregin horrekin jarraituko dugu” adierazi du Arregik.

Nola egin zerbitzuko kide eta kita eskuratzea

Zerbitzu berri hori erabili nahi duten pertsona guztiek (ostalaritzako sektorea barne) horretan alta har dezakete 94 464 43 80 telefono-zenbakiaren bidez, www.getxo.info-citi.es webgunean edo aurrez aurre, Hiritarren Arreta Bulegoetan (HAB), hain zuzen. Zerbitzuaz arduratzen den enpresa interesatuta dauden pertsonekin harremanetan jarriko da, erabiltzeko behar den kita emate aldera. Horrela, hurrengo astelehenetik, martxoak 27, aurrera, gai organikoen bilketan parte hartzeko interesa agertu duten lehenengo 95 pertsonekin harremanetan jartzen hasiko da, kit hori emateko asmoz. Zerbitzuari buruzko informazio handiagoa eskuratzeko edo zalantzak argitzeko, deitu 94 464 43 80 telefono-zenbakira edo bidali mezu bat getxo@getxoR2022.com helbide elektronikora.

Eduki hau baloratu

Iruzkinak . Zure iruzkina egin

Ez dago iruzkinik

Iruzkin bat egiteko erabiltzeko baldintzak onartzea beharrezkoa da.  Kutxatila markatu baldintzak onartzeko eta loturan baldintzak irakurtzeko