Udalak gaur goizean emandako prentsaurrekoan “Dugud” izeneko aplikazioa aurkeztu du. Birziklapenerako mugikorrerako aplikazio aitzindaria da, honako hiru alderdi hauek uztartzen baititu: jarraibide onengatik lortutako puntuen bidez sariak eskuratzeko aukera, erronka sozialak, eta zabalkundea. Ferrovial Servicios sozietateak asmatu du aplikazioa, Getxon kustomizatu egin da mundu osoan lehen aldiz ezar dadin eta aldian-aldian biltzen den udal Hondakinen Lantaldearekin partekatua izan da.
“Dugud”-ek materia organikoan jarriko du arreta, kontaktu-txartelaren bidez edukiontzi marroian botatzen dena. Lehen erabiltzaileekin burututako esperientzia pilotu batean materia organikoarekin lehen esperimentua egin ondoren, zaborraren gainerako zatiak bilduko dira gaika.
Aplikazio honen helburua Getxo eraldatzea da, auzoz auzo eta etxez etxe, hondakin bakoitzak bizitza zirkularreko modu berriak eragingo dituen baliabide bihur dadin, herritarren elkarlana sustatzeko, tokiko ekonomia bultzatzeko, eta planeta babestea ahalbidetzeko. "Herritarrekin konektatu nahi dugu, birziklapenari dagokionez egin dezaketen aparteko ekarpenaz kontzientziatzeko", aipatu du Imanol Landa alkateak.
Aplikazioa
ANDROID sistemarako probazko bertsioarekin hasiko da aplikazioa; martxoan jarriko da abian eta edukiontzi marroia erabiltzen duten 300 pertsona inguru hautatu dira horretarako, proba pilotuko bertsioan. Hurrengo hilabeteetan beste funtzio batzuk sartuko dira, hala nola etxeko birziklapenerako konponbideen katalogoa; horren bitartez, herritarrek etxean birziklatzeko behar dituzten produktu eta ekipamenduak eskainiko dira tokiko saltokien bidez eta, horrelakorik ezin egin izatekotan, beste iturri batzuen bidez.
Halaber, apirilean hasiko den bigarren bertsioan Getxon birziklatzeko bi jolas egongo dira, eta jolas horien bidez puntuak eskuratuko dituzte erabiltzaileek (lehen pilotu esperientzia honetan, puntuak lortuko dira edukiontzia irekitzen den aldi bakoitzean). Hasieran, aplikazioa euskaraz eta gaztelaniaz erabili ahalko da.
Aplikazio honen bidez, birziklapenarekin konprometituta dauden pertsonek, besteak beste, zenbat birziklatzen duten ezagutuko dute eta euren puntuak konposterako poltsengatik, deskontuengatik, zinemarako sarrengatik eta abarrengatik trukatu ahalko dituzte. Horrez gain, proiektu sozialetan hartu ahalko dute parte komunitate (auzo) gisa; mota horretako proiektuak bigarren bertsioan eskainiko dira.
Helburu nagusia urtean zehar Getxoko herritar guztiengana heltzea da, baita gaur egun gaika biltzen diren zabor-zati guztiak barne hartzea ere. Getxoko birziklapenarekin konprometituta dauden getxoztar guztiei esker haziko da aplikazioa, tokiko merkataritzaren eskutik.
Leloa: gauzak ondo egiteak saria dakar
Aplikazioaren irudi bisualari dagokionez, ikuspuntu positibo batetik lan egin nahi izan dugu une oro, eta nortasun bisualarekin adierazi nahi dugu gauzak ondo egiteak saria dakarrela. «Dugud» markaren «g» letraren oinarrian marraztuko den irribarre batean irudikatuko da hori; hain zuzen ere, Getxo udalerriarekin identifikatzen den eta hondakinei nahiz erronka sozialei lotutako ikonoak sortzeko erabiltzen den irribarrea erabiliko da.
Dugud aplikazioaren erabilerak «duguder-ak» izeneko kolektiboa sortuko du, Getxon gauzak ondo egin nahi dituzten pertsonek osatuko dutena. «Ondo birziklatzeak gutxi kostatzen duela eta onura handiak dakartzala adierazi nahi dugu; pertsonei euren ekintza onen onura itzuliko dien eragin positiboa eraiki nahi dugu, guztiontzako bizitza jasangarriagoa sortzeko.
Ideia hori oinarri hartuta asmatu dugu aplikazioaren izena: “Do good, get good: Dugud”. Xede batekin konektatzen gaituen izena da, eta gainera “dugu” euskarazko hitza dauka. Lortu nahi dugun helbururako lelo egokia dela deritzogu. Hondakinak baliabide gisa erabiliz mundua auzoz auzo eraldatu nahi duen komunitatea garela islatzen duen ikuspuntuarekin sortu da aplikazioa. Auzo zirkularretan sinesten dugu, hots, etxe bakoitzean hasten da aldaketa: agian zuk nahi ez duzun zerbait beste norbaitek nahi du. Gaur zaborrera botatzen duzun gauza bakoitzari beste erabilpen bat eman ahalko zaio bihar. Eta batez ere, kontuan hartu zure auzoan eragiten duzun ingurumenaren aldetiko onura oro onura pertsonala ere izan daitekeela zuretzat», nabarmendu du Hirigintza, Obra eta Zerbitzu zinegotzi den Joseba Arregik.
Aurrekariak
Getxoko Udalak, bide-garbiketarako eta hondakinen bilketarako kontratuaren azken lizitazioaren ondoren, birziklatze-tasa altuak lortzeko apustu berritzaile bat egin du, hondakinen gaikako bilketa oinarri hartuta eta herritarrak oso modu aktiboan inplikatuz, besteak beste honako balio hauetan: erantzukizuna, eraginkortasuna, inspirazioa, sormena, hurbiltasuna, parte-hartzea, elkartasuna eta konpromisoa.
Getxoztarrek hondakinak berrerabiltzeko dituzten ezkutuko beharrei buruzko azterlan sakona egin ondoren, hizpide dugun eginkizunerako aplikazio bat erabili beharra dagoela ondorioztatu zen. “Birziklapenari buruzko herri-laborategia” izena eman zaio azterlan horri eta honako hauek hartu ditu barne: galdera irekiez osatutako hainbat elkarrizketa nahiz jasotako mezuen ondorengo analisia, eta 400 getxoztarrekin egindako semiotika-azterlana. Emaitza hauek lortu ziren: 12 aurkikuntza eta semiotikako hainbat palanka emozional, eta horiek kontuan hartuta 35 jarduketa-ildo zehaztu ziren, Getxoko hondakinen bilketa-eredua eraldatzeko xedearekin.
«Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei orain arte egindako esfortzuagatik; izan ere, azken 3 urteetan 9 puntu igotzea lortu dugu —hots, 23tik 31,5era— eta, ondorioz, urtean 3.000 tona inguru gutxiago eraman dira Zabalgarbira eta hondakinak baliabide bihurtu dira, getxoztarrek erakutsitako erantzukizunaren fruitua. Hori dela eta, ezinbestekoa da erronka lortzeko gai honetan denok dugun erantzukidetasuna aldarrikatzea, ekimen honek herritarrak, jarduerak, ostalaritza eta tokiko merkataritza hartzen baititu barne. Aplikazio honi esker, aurrera egingo dugu 2022. urterako jarri dugun % 50eko erronka lortzeko bidean» esan du Landak.
Iruzkinak . Zure iruzkina egin
Ez dago iruzkinik