Getxoko Udalak eta Garbiker Foru Sozietate Publikoak -Bizkaian hondakin solidoen tratamendua kudeatzen duen erakundea- lankidetza hitzarmen bat sinatuko dute Larrañazubiko udal ingurumen gunean konposta egiteko planta bat instalatzeko eta ustiatzeko.
Gaikako bilketa hori estalki marroia duen edukiontziaren bidez egiten da, eta, horretarako, irekitzeko txartela eduki behar da.
Getxon, Garbiker-ek egingo duen instalazioari, “proba pilotu gisa, hondakin organikoaren hezetasuna gutxitzeko airearen tratamendu-prozesua gehituko diogu, tratamendu-ahalmena nabarmen handitzeko, instalazioa edo instalazio berriak handitu gabe”, aurreratu du Arregik.
Horregatik, Getxok eta Garbikerrek iritzi diote aukera estrategiko bat dela “esperientzia partekatu hau” garatu ahal izatea, jatorrian gaika bildutako materia organikoa konposta egiteko instalazioa ustiatzekoa. Larrañazubiko hondakinak tratatu eta kudeatzeko instalazioak dauden eremuan ipiniko da planta. Izan ere, gune horretan instalazio hauek aurkitzen dira: Transferentziagunea, urteko 90.000 tona hartzeko ahalmena duena, itxieraren osteko fasean dagoen zabortegi bat, hondakinak gaika biltzeko Garbigune bat, gas-estazio bat eta Ingurumen Aretoa. Materia organikoa tratatzeko planta berriak, beharrezko duen makineria izango du: konpostatzeko erreaktore bertikala, birringailua eta bahegailua, baita hainbat ekipamendu esperimental ere, hezetasuna kentzeko.
Garbikerrek bere gain hartuko du plantako makineriarako, egokitze-lanetarako eta mantentze-lanetarako egin beharreko inbertsioa. Udalak instalazioa ezartzeko behar diren espazioak utziko ditu, langileak jarriko ditu eta bere gain hartuko du ekipamendu esperimentalen alokairua, bai eta hornidurek eragindako gastuak ere (ura, argia, erregaiak, etab.). Bi erakundeek partekatuko dituzte eskuratzen diren ezagutzak eta tratamenduaren emaitza den produktua (konposta).
Lankidetza hitzarmenak aurtengo abenduaren 31 arte iraungo du, baina lau urteko epera arte luzatzea erabaki edo adostu daiteke. Udalak eta Garbikerrek lan-batzorde bat sortuko dute, emaitzen jarraipen bateratua egiteko eta aldeen jarduerak koordinatzeko, helburu barteratuak lortzeko esperientziak trukatze aldera.
Iruzkinak . Zure iruzkina egin
Ez dago iruzkinik