Berriak Ver más noticias

Birziklatzeak % 24 egin du gora 2017ko lehenengo lauhilekoan

Hiri-hondakin solidoen 536 tona gehiago birziklatu dira Getxon 2017ko lehen lauhilekoan, hau da, aurreko urteko aldi beran baino % 24 gehiago. Paperen eta kartoien birziklatzea % 36,4 areagotu da; plastikoena eta ontziena, % 35,21; eta beirena, % 18,43. “Edukiontzi gehiago jartzeari esker lortu dira datu horiek (2016an baino 450 gehiago, egun 1.698 daudelarik, orain dela bi hilabete eskas jarri ziren hondakin organikoetarako edukiontzi marroiak alde batera utzita). Bestalde, lagungarria izan da ere bilketa-guneetan edukiontziak berriz elkartzea, bidaia bakarrean nahi beste birziklatu ahal izateko. Kasu gehienetan, erabiltzaileek edukiontzietaraino duten distantzia murriztu da, baita edukiontzi bakoitza erabiltzen duen biztanle-kopurua ere; horrelako neurriek birziklatzea errazten dute. Eta azpimarratu behar dugu ere, dendak, ostalaritza, supermerkatuak, arrandegiak eta fruta-dendak gero eta inplikatuago daudela ezarri ditugun ate aurreko bilketa zerbitzu berriekin”, adierazi du Hirigintzako zinegotziak, Joseba Arregi jaunak, prentsaurrekoan.

Urtearen lehenengo lauhilekoan, guztira, 9.496 tona bildu dira (2016an baino 76 tona gehiago), eta baloratu ezin daitezkeen hondakinen 458 tona gutxiago, hau da, ohiko hondakin solidoen korrontetik berreskuratu ezin daitezkeen eta, ondorioz, errausten direnenak.

Urteko lehenengo lauhilekoan, handitu da gaika bereizitako hondakinen portzentajea, zehazki, % 23,70etik % 29,15era; 2022rako erronka % 50 erdiestea da, Europako zuzentarauak betetzeko. “Azken bost urteotan, tasa hori egonkor mantendu da, % 21ean gutxi gorabehera; baina, jarri diren edukiontziei esker, ia 5,5 puntu handitu da lau hilabetetan bakarrik, eta %8 inguru zerbitzu berriak 2014ko azaroan hasi zen kontratu berriarekin gaurkotzen ari garenez geroztik. Oso zifra ona da. Birziklapenean aurrera egiteko, etengabeko kontzientziazioa egin beharra dago; ez da erreza horrelako datuak erdiestea hain denbora gutxian. Herritarrek, oro har, erantzun dute, eta datuek agerian jartzen dute bide onean garela, baina oraindik lan asko daukagu aurretik” azpimarratu du Arregi jaunak.*

Emaitzak hobetzeko asmoz, paperari eta kartoiari lotutako hainbat jarduera aurreikusi dira: besteak beste, bisitak egingo dira tabako-dendetara, okindegietara, supermerkatuetara, gozoki-dendetara eta ostalaritza-establezimenduetara, gogoratzeko atez ateko bilketa-zerbitzuan izena eman dezaketela. Dagoeneko, sektore horietako 146 establezimendu atxiki zaizkio zerbitzu horri. Bigarren fase bat egingo da, gauza bera egiteko beiraren kasuan.

Paperari eta kartoiari dagokienez, udalak herritarrei eskertu nahi die edukiontzi urdinean kutxak tolesturik sartzeko egin zen kanpainari emandako erantzuna, horrela, leku gutxiago hartzen dutelako, edukiontziek ez dutelako gainezka egiten eta edukiontzi-multzoetako garbiketa- eta bilketa-lanak errazten direlako.

Edukiontzi marroiari buruzko datuak

Orain dela bi hilabete eskas jarri ziren hondakin organikoak biltzeko edukiontziak eta, gaur egun arte, 1.761 eskaera jaso dira birziklatzeko behar den kita eskuratzeko. Udalerrian, guztira, 98 edukiontzi jarri dira eta, gutxi barru, 140 gehiago jarriko dira (aurreikusi diren 422ren % 57). “Kalkulatu da, instalatu den udalerrietan, gutxi gorabehera herritarren % 10ek erabiltzen dutela edukiontzi marroia.  Geu hasi berriak gara, baina aurrera egiten jarraituko dugu”, esan du Arregi jaunak. Izan ere, hurrengo jarduketak ekoizle handiei zuzenduko zaizkie: fruta-dendei (37) eta loradendei (12). Hain zuzen, gutun bat bidaliko zaie, sistema nola dabilen azaltzeko eta berarekin bat egitera animatzeko. Egingo den bigarren fasean, supermerkatuei eta ikastetxeetako jantokiei helduko zaie eta, hirugarrenean, ostalaritzari.

Hilabete baino gutxi gehiago igaro da edukiontzi marroiak ezarri zirenetik, eta hiru lagin-bilketa egin dira: lehenengoa analisi hutsez egin zen, bigarrenean 1.700 kg bildu ziren, eta hirugarrenean, atzo bertan egin zena, beste 4.580 kg, zeinak, guzti guztiak, konposta egiteko instalazio batera eraman ziren.

Udalak zerbitzu berri hori erabili nahi duten pertsona guztiak animatu nahi ditu horretan alta ematera, 94 464 43 80 telefono-zenbakiaren bidez, www.getxo.info-citi.es webgunean edo aurrez aurre, Hiritarren Arreta Bulegoetan. Zerbitzuaz arduratzen den enpresa interesatuta dauden pertsonekin harremanetan jarriko da, erabiltzeko behar duten kita emate aldera: edukiontzia irekitzeko txartel elektroniko bat; ontzi aireztatu bat, edo hormetan zuloak dituen bat, gai organikoak etxean biltzeko; 50 poltsa biodegradagarriren biribilki bat (horiek amaitutakoan, gehiago erosi ahalko dituzte saltegietan eta merkataritza-gune handietan); eta zein hondakin birziklatu daitezkeen adierazten duen iman bat. Poltsei dagokienez, kanpaina zehatz bat egingo da gogorarazteko ezin dela plastikozko poltsarik erabili, poltsa biodegradagarriak erabili behar direla. Horretarako, pegatinak jarriko dira edukiontzietan.

Laster, 55 edukiontzi-multzoren irisgarritasuna hobetuko da

Aipatutako jarduketekin batera -422 edukiontzi-multzo edo bilketa-gunetan-, dagoeneko 59 doitu dituzte auzotarren ekarpenak, irizpide teknikoak eta irisgarritasun-irizpideak kontuan harturik. Era berean, beste 55 gune doituko dituzte gutxi barru, zehazki, bateriako aparkalekuetatik gertu edo zintarriengana aurreratuta daudenak; fase horretarako, 61.000 € inbertituko dira.

Edukiontzi lurperatuak

Lurpeko edukiontzien harira, espero da hilabete honetan bertan erabili ahal izatea Romoko Ibaiondo kalekoak. Algortako etorbiderako aurreikusi direnak, aldiz, Algortako erdigunea hobetzeko proiektuan jasota dauden bide-berrantolaketarako obrekin koordinaturik jarriko dira.

Eduki hau baloratu

Iruzkinak . Zure iruzkina egin

Ez dago iruzkinik

Iruzkin bat egiteko erabiltzeko baldintzak onartzea beharrezkoa da.  Kutxatila markatu baldintzak onartzeko eta loturan baldintzak irakurtzeko