“Getxon hobeto birziklatzen dugu”, Udalak Ecoembes eta Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko erakundeekin batera bultzatutako kanpaina berriaren leloa da. Lan ona egiten ari diren arren, udalerriko herritarrei are gehiago eta hobeto birziklatzen laguntzea du helburu. Kanpainaren euskarri nagusia hormako egutegi bat da, hilero Getxoko pertsona ospetsu baten irudia duena. Bertan, hondakinak datu bitxi eta interesgarrien bidez nola bereizi erakutsiko digute, eta etxeetan birziklatzean egin ohi diren akatsik ohikoenak erakutsiko dizkigute.
Egutegian agertzen diren pertsonaiak honako hauek dira: Garazi Sánchez surflaria, Naiomi Matthews borrokalaria eta Iñaki Zubizarreta saskibaloiko jokalari profesional ohia, hizlari eta dibulgatzailea; Haizea López eta Unai Elorriaga idazleak; Maia García Vergniory ikertzaile zientifikoa; Alex Orbe ilustratzailea; Georgina Barrios pianista; Afrika Bibang abeslaria; Unai Basurko nabigatzailea; Asier Hormaza aktore eta ekoizlea; eta Álvaro Martínez sukaldaria. Egutegia Getxoko etxeetako postontzietan jasoko da; guztira 32.000 ale banatuko dira.
Online erronka
Informazioa emateko eta herritarren jakin-mina pizteko, postontzietan banatuko den egutegiak "Ba al zenekien…?" erako formatua erabiltzen du, mezuak eta aholkuak errazago memorizatzeko. Adibidez, abenduan, Asier Hormaza aktore eta ekoizlearen argazki batek adieraziko digu zeramika ez doala edukiontzi berdera.
Era berean, gainerako edukiontziekin lotutako mezuak zabalduko dira: horia (plastikozko ontziak, latak eta brikak), urdina (papera eta kartoia), grisa (gainerakoa) eta marroia (organikoa).
Getxotarrek modu aktiboan parte hartzeko aukera izan dezaten, egutegiko irudi bakoitzaren beheko aldean QR kode bat dago inprimatuta. Kode horrek webgune batera eramaten du, eta bertan birziklatzeari buruzko erronka bat agertzen da. Test erraz baten bidez, herritarrei erakutsiko zaie nola birziklatu behar den hondakin desegokiak sortzea saihesteko, eta definituko zaie birziklatzerakoan zer nolako nortasuna duten. Testak, normalean egiten ditugun akatsak ditu ardatz. Bideojokoaren formatu baten bidez (“gaming”), parte hartzen duten pertsonek puntuak jasoko dituzte egindako galderei erantzutean. Puntuazioaren arabera, birziklatzeko nortasun jakin bat izango dute.
Azkenik, kanpainaren beste publizitate-euskarri gisa, iaz erabili ziren totemak jarriko dira udalerriko gune estrategikoetan (Bidezabal, Algortako Geltokia plaza, Bizkaia Zubiko plaza eta Romoko Santa Eugenia plaza). Horietan, egutegiko protagonisten irudiak agertuko dira, mezu nagusiekin batera (“teaser” moduan).
Iruzkinak . Zure iruzkina egin
Ez dago iruzkinik