Eskolako Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen duten Getxoko hamaika ikastetxeek plastikoaren erabilera murrizteko ekimenak abian jartzeko konpromisoa hartu dute. Juan Bautista Zabala, Larrañazubi, Romo, San Ignacio, Zubileta, Azkorri, San Nikolas Ikastola, Santísima Trinidad, Aixerrota, Julio Caro Baroja eta Madre del Divino Pastor ikastetxeetako ikasleek atzo osteguna, hilak 3, egin zuten udalarekiko urteroko topaketa, udal Eskola Foroaren esparruan. Bertan, hartu dituzten konpromisoen berri eman zuten, bai eta ikasturte honetan landutako gaiaren inguruan udal-agintariei egiten dizkieten proposamenen berri ere: garapen jasangarriaren helburuak, plastikoak eta kontsumo arduratsua.
Konpromisoak
Ikasleek egindako jardunbide egokien dekalogoan, besteak beste, honako konpromiso hauek hartzen dituzte: hezkuntza-familiari zuzendutako kanpaina bat egitea oihalezko poltsen erabilera sustatzeko; otordua eramateko plastikozko ontziak ez erabiltzea, eta botilak eta bestelako hondakinak berrerabiltzea eskulanak egiteko; ikastetxean konposta egiteko; paperontziak eta edukiontzi horia erabiltzeko; ikastetxe bakoitzean txoko bat prestatzeko plastikoaren kontsumoa murrizteko aholkuekin; eta sare sozialak erabiltzeko Agenda 2030aren helburuak sustatzeko. Azkenik, konpromisoa hartzen dute RETORNA proiektua (ontziak gordetzeko, itzultzeko eta dirua jasotzeko sistema) babesteko/sinatzeko, eta erakunde publikoekin (Udala eta Eusko Jaurlaritza) lankidetzan aritzeko Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lotutako ingurumen-proiektu edo -ekintzetan.
Proposamenak
Era berean, jorratu duten gaiari buruz landu dituzten eta udalerria hobetzeko Udalari luzatzen dizkieten proposamenen berri eman zuten. Besteak beste, honako hauek proposatzen dizkiote: gehien birziklatzen dutenei zergak jaistea; tokiko merkataritzari laguntzea, eta, bereziki, hondakinak murrizteko ahalegin handiena egiten duten establezimenduei, hainbat ekintzaren bidez; app bat egitea kontsumo arduratsua sustatzen duten dendak ezagutarazteko eta kokatzeko; arraindegietan eta harategietan tupperrak maileguan uztea, bezeroek erosketak etxera eraman ditzaten eta, dendara itzultzean, ontzi horren prezioa deskontatu diezaieten; GIHak hedatzeko eta herritarrek horiek lortzeko ekintzak diseinatu eta egiteko RETORNA itzulpen-sistema babestea; plastikoaren erabilera murrizteko sentsibilizazio-kanpaina bat egitea; Agenda 2030ari buruzko hitzaldi bat antolatzea herrian; auzoetan zakarrontzi bereziak jartzea hondakinak biltzeko, hala nola tapoiak, pilak, botikak eta olioa; eta hondartzetan erretzea debekatzea.
Iruzkinak . Zure iruzkina egin
Ez dago iruzkinik