“Kalera, parkera ala lorategira zoazela, zure maskotaren kakak jaso berehala” lelo pean, Udaleko Ingurumen Unitateak kanpaina berria jarri du abian maskoten jabeak herriko bide publikoan eta berdeguneetan gorotzak biltzeko beharraz eta derrigortasunaz sentsibilizatzeko. Horrela, txakurren gorotzak irudikatzen dituzten dozenaka pegatina jarri dira lurrean itsatsita. Pertsona asko ibiltzen diren udalerriko erdiguneetan eta maskoten gorotzen eta pixaren intzidentzia gehien izaten diren kaleetan banatu dira, horien bilketaz sentsibilizatzeko eta batzea sustatzeko helburuarekin.
Pixa fatxadetan eta oparitan “txakur-pixa” garbitzeko 6.000 botila
Kanpainak, halaber, fatxadetan eta hiri-altzarietan txakurren pixek sortzen dituzten arazoen inguruko arreta piztu gura du. Udalerriko erdiguneko kale batzuetan pixa egiten ari den txakur baten irudia duten ohartarazpen-kartelak jarri dira fatxadetan, jokabide horiek saihestea gomendatuz.
Udaleko Ingurumen Unitateak, txakurrak bide publikoan egiten dituen pixak ur eta xaboi nahasketa batekin bustitzeko gomendioa egiten du, txizaren efektu korrosiboak urtzeko eta usain txarrak saihesteko. Jardunbide hori errazteko, Ingurumen Unitateak botila bat oparituko du ekainaren 29tik uztailaren 13ra. Interesa duten pertsonak, Fadura kiroldegira, Gobela kiroldegira edo Areetako eta Algortako Herritarren Arretarako Bulegoak-HABetara hurbildu beharko dira botila eskatzeko beraien maskotaren kartilla eta aste honetako GetxoBerrin agertuko den iragarkia aurkeztuz.
Pertsonen eta animalien arteko bizikidetzaren aldeko apustua
Getxon ia 7.000 txakur daude gaur egun erroldatuta, eta kopuruak gora egiten du urtez urte. Udalak pertsonen eta animalien arteko bizikidetza zibikoa erraztearen aldeko apustua egin du. Helburua, maskoten jabe diren eta ez diren pertsonen eskubideak eta betebeharrak bateratzea eta Getxo abegitsuan harmonian bizitzea da.
Txakurrak libre ibil daitezkeen aisialdirako guneak sortu dira. Herritarren kontzientziazioa lehenetsi da, bide publikoan, lorategietan eta parkeetan gorotzak jaso ezean etxeko animaliak edukitzea arautzen duen egungo udal ordenantzak baimentzen dituen 900 €-rainoko zigorrak ezarri aurretik.
Maskotek bide publikoan egiten dituzten “kaken” eta “pixen” arazoa
Bide publikoan oharkabean zapaltzen dituzten oinezkoei eragiten dizkien eragozpenez gain, esertzeko edo etzateko probabilitatea handiagoa den parkeetan eta lorategietan askatasunez gozatzeko orduan maskoten gorotzak oztopo eta arrisku handiagoa dira ume eta helduentzat.
Horri berdeguneei egiten dieten kaltea gehitu behar zaio, gorotzek belarra “erretzen” baitute. Era berean, udal-langileek parkeak eta lorategiak mantentzeko egiten duten lana zailtzen dute. Bereziki, belarra mozteko makina mekanikoak erabiltzen dituztenean, kutsatzeko arrisku handiagoa dute, eta haien osasuna arriskuan egon daiteke.
Halaber, txakurren gorotzek hainbat parasito, birus eta bakterio izan ditzakete, eta horietako askok beste animalia batzuk infektatu ditzakete edo gizakiengana pasa daitezke. Batu ezean, lehortu egiten dira, eta euriak eta haizeak eremu zabalagoetan barreia ditzakete.
Eta fatxadetan, zutabeetan, hiri-altzarietan eta kale-argietan txakurrei pixa egiten utziz gero, eragozpenak sortzen ditu saltokietan eta egoiliarren artean usain txarragatik, infekzio-iturri izan daitekeelako eta intsektuak erakar ditzakelako. Korrosio-arazoak ere sortzen dituzte; izan ere, pixaren azidoa hain erasokorra denez, azkenean farolak, seinaleak eta fatxadak hondatzen ditu, eta elementu horien mantentze- eta berritze-kostuak igo egiten dira.
Etxeko animaliak edukitzeari buruzko udal-araudiak adierazten dituen bizikidetza-arauak errespetatuta, animaliak eta pertsonak era harmonikoan bizi ahal izango gara udalerrian.
Iruzkinak . Zure iruzkina egin
Ez dago iruzkinik