Berriak Ver más noticias

Etxean erabilitako olioaren bilketa zerbitzu berria

54 EDUKIONTZI BERRI JARTZEAN, GETXOKO SUKALDEETAKO LANDARE-OLIOAREN BIRZIKLAPENA BULTZATUKO DA

  • Edukiontzi laranja horiek urriaren 27tik aurrera jarriko dira, eta azaroaren 6an amaituko da prozesua.
  • Zerbitzu berriak auzokoei eman nahi dizkie sukaldeetan erabilitako olioa behar bezala birziklatzeko erraztasunak, etxeko harraskatik behera bota ez dezaten: “ur-araztegietara iristen ez den litro bat olioko, ez ditugu 40.000 litro ur kutsatuko”.
  • Instalazioaren hasiera dela eta, Getxoko Udalak informazio-kanpaina jarriko du abian, edukiontzi bakoitza zehatz-mehatz non dagoen eta nola erabili behar den jakiteko.

Urriaren 27tik aurrera eta hurrengo 10 egunetan, Getxoko Udalak 54 edukiontzi laranja jarriko ditu. Getxoko bizilagunei sukaldeetan erabilitako landare-olioa birziklatzen laguntzea dauka helburu. Edukiontziok behar bezala kudeatzen badira, ez da olioa etxeko harraskatik behera botako, eta ez da ur-araztegietara, itsasoetara edo ibaietara iritsiko. Erabilitako landare-olioa oso kutsagarria da. Aldundiak eta Ur Partzuergoak Bizkaiko Rafrinor enpresak emandako datuen arabera egin dituzten azken azterketak kontuan hartuta, litro bat oliok 40.000 litro ur kutsatzen ditu. Horrez gain, substantzia hori araztea oso garestia ere badela kontuan hartuta, behar bezala kudeatzeko hausnartu beharko genuke.

Getxoko hiru barrutietan azterketa egin ondoren, bertako biztanle-dentsitatea kontuan hartuta, zehaztu egin da zerbitzuari aurre egiteko kopuru egokiena edukiontzi batekoa dela 1.500 biztanleko. Udalak datu hori kontuan hartu duenez, 54 unitate jarriko dira.

BILKETARAKO AHOLKUAK

:: Herritarrek haientzat erosoena den ontzian gorde ahal izango dute olioa. Edozein ontzi huts berrerabili ahal izango da horretarako (dena dela, hobe da plastikozkoa izatea).

:: Ontzian gorde eta itxi baino lehen, hobe da olioa hoztu arte itxarotea.

:: Ahal dela, olioa ontzian gordetzean, hobe da substantzia solidorik ez isurtzea.

:: Ontzian, landare-olioa baino ez da gorde beharko (ekilore-olioa, oliba-olioa, soja-olioa...) eta ez olio mineralak (autorako olioa), ezta pinturak eta beste batzuk ere.

:: Ontzia edukiontzi hurbilenera eraman beharko da, ia-ia beteta dagoenean.

:: Oliorako erabilitako ontziak ere birziklatu egingo direnez, ez da olioa birziklatzeko ontzi berezi berririk sortu beharko.

ERABILITAKO OLIOA BIRZIKLATZEKO 8 ARRAZOI

Hondakin hau harraskatik behera botatzen denean, hodiak butxatu egiten dira, eta karraskarientzako elikagaia ere bada.

Litro bat oliok 40.000 litro ur kutsatzen ditu. Hondakin hori harraskatik behera botatzea hiriko urak kutsatzeko arrazoi nagusia da.

Herritar batek 20 litro olio inguru kontsumitzen ditu urtean, eta kopuru horren %10-%20 botatzen da. Beraz, gero eta nabariagoa da hondakin horren gaikako bilketa sustatu beharra dagoela.

Oso garestia da erabilitako olioa ur-araztegietan tratatzea.

Olioaren edukiontzian botatako ontziak ere birziklatu egingo direnez, ez da beste hondakinik sortuko.

Hondakin hau birziklatzean, biodiesela lortzen da, hau da, ingurunea errespetatu eta inoiz agortzen ez den energia berriztagarria.

Biodieselaren errekuntzaren ondorioz CO2 gutxiago igortzen denez, negutegi-efektua murrizten da.

Getxotar guztien konpromisoa izan behar da ingurumena zaintzea.

INFORMAZIO-KANPAINAK ZERBITZU BERRIAREN NONDIK NORAKOAK AZALDUKO DIZKIE AUZOKIDEEI

Instalazioaren hasiera dela eta, udalerriko atarietan jarriko dira bizilagunei informazio xehatua eskaintzeko kartelak. Bertan, edukiontzi bakoitza zer posta-helbidetan dagoen adieraziko da, etxetik hurbilen dagoena erabili ahal izateko. Aldi berean, zerbitzua behar bezala erabiltzeko zenbait urrats ere emango dira.

Eduki hau baloratu

Iruzkinak . Zure iruzkina egin

Ez dago iruzkinik

Iruzkin bat egiteko erabiltzeko baldintzak onartzea beharrezkoa da.  Kutxatila markatu baldintzak onartzeko eta loturan baldintzak irakurtzeko