Getxoko Garbigune Mugikorraren udal zerbitzuaren emaitzak are gehiago hazi ziren 2017an: %21 areagotu zen erabiltzaileen kopurua eta %44 baino gehiago bildutako hondakinen kopurua. Zerbitzuaren jarduera nagusia hondakinen bilketa eta gestioa da, oso kutsagarriak diren hondakinak eta tamaina ertaineko beste batzuk, ondoren berrerabiltzeko. Zerbitzua 2011n abiatu zen eta dohainik eskaintzen da, behar bezala identifikatu eta egokitutako ibilgailu baten bitartez.
2017an, 10.791 lagun izan ziren zerbitzua erabili zutenak (martxoan, ekainean eta irailean erabili zuten gehien); 2016AN, berriz, 8.527 izan ziren erabili zutenak. Garbigune Mugikorrean 92.296 artikulu batu ziren, guztira -2016an, 51.004-. Datu hori bildutako kilo kopurura estrapolatu daiteke: 42.886 kg iaz -2016an, 24.418kg-; zenbaki horiek erakusten dute azken urtean zerbitzuak izan duen hazkundea.
Utzi daitezkeen gaiak
Garbigune Mugikorrean biltzen diren gaiak produktu oso toxiko eta kutsagarri bezala daude katalogatuta, osasunarentzat edota ingurumenarentzat arrisku –iturri direlako. Bertan utzi daitezkeen hondakinak era askotakoak dira: olioak, pintura, laka eta bernizak, izotz-kontrakoak, disolbatzaileak, hidrokarburo hondakinak, plastikoak, iraungitako sendagaiak, hodi fluoreszente eta lanparak, pilak eta bateriak, hondakin elektronikoak, toner/tinta-kartutxoak eta CDak, besteak beste; eta horiez gainera, birziklatu daitezkeen tamaina ertaineko beste hondakin batzuk ere utzi ahal dira (elektratresna txikiak, txatarra elektronikoa...), baita ehunak ere.
Hondakinak biltzerakoan, beraien berezko ezaugarrien arabera sailkatzen dira. Kutsatzaile arriskutsuak direnak, baimendutako gestiogileen instalazioetara eramaten dira, ondoren tratatu eta birziklatzeko. Beste batzuk, kutsatzaileak badira ere, Larrañazubiko Transferentzia Gunean gestionatzen dira. Modu horretan ez da kutsatzailerik isurtzen hondakin solidoen bilketako sisteman. Azkenik, berrerabili daitezkeenak –ehunak, apaingarriak, etab.- Emaúseko dendetara iristen dira.
Ordutegia eta kokapenak
Garbigune Mugikorra asteazkenetan Gobelaurre parkean egoten da, 17:30etik 21:00etara; ostegunetan, Salsidu-Ollarretxen, 10:00etatik 14:00etara, eta Gernika parkean, 17:30etik 21:00etara; ostiraletan, Andra Mari kiroldegian, 10:00etatik 14:00etara, eta Romo-Areetako Geltokia plazan, 17:30etik 21:00etara; larunbatetan, Algortako Geltokia plazan kokatzen da, 10:00etatik 14:00etara, eta Bidezabalgo anbulatorioaren ondoan, 17:30etik 21:00etara; eta igandeetan Iturgitxi-Basarraten, 10:00etatik 14:00etara.
Gizarteratzeko eta laneratzeko tresna
Emaús Servicios Medioambientales S.L. enpresak ematen duen zerbitzuak, aldi berean, garrantzi handia du arlo sozialean; izan ere, gizarteratze eta laneratze enpresei zuzendutako laguntza-programaren barruan ematen da, Udalak bultzatuta. Horri esker, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden langabetuei lana ematen zaie. 2016ko urriaz geroztik, Udalaren koordinazio eta laguntzarekin, zerbitzuari lotutako hiru pertsonari lagundu zaie laneratzeko bidean. Horietako bat lan-merkatu arruntean sartu da.
Iruzkinak . Zure iruzkina egin
Ez dago iruzkinik