Udalak hiru mugarri ezarriko ditu laster hiri hondakin solidoen inguruan: etxez etxeko bilketa sistema jarriko da martxan, Zugatzarte eta Negurin; udalerri osoko edukiontziak ordezkatuko ditu; eta bosgarren edukiontzia edo edukiontzi marroia gehituko da, hondakin organikoak batzeko. Dagoeneko eskutitzak bidali zaizkie Zugatzarte eta Neguri auzoetako auzotarrei egingo diren bileretara deituz, etxez etxeko bilketa zerbitzuaren berri izan dezaten. Horrez gainera, aste pare batean hasiko dira Getxo osoan edukiontziak aldatzeko lanak eta, gutxi gorabehera, hilabete eta erdiz luzatuko dira. Edukiontzi marroia (hau ere aipatutako aldian ipiniko da) uste da 2017ko lehen lauhilekoan martxan jarriko dela.
Alkateak, Imanol Landak, adierazi duenez, “zerbitzu berriaren azken helburua, 2022an hondakinen %50 modu selektiboan biltzea eta bereiztea da –gaur egun %23,35era iritsi da-.
Legegintzaldi Planak Hiri Hondakin Solidoen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena sustatzea aurreikusten du. Ildo horretan, hondakinen kudeaketaren egungo ereduek herritarren partaidetzan eta berrikuntzaren erabileran oinarritutako garapen kualitatiboa eskatzen dute emaitza hoberenak lortzeko. Horretarako, giltzetako bat da gaikako bilketa eta bere kalitatea areagotzea, herritarrei eta merkatariei lana erraztu nahi dien sistema berri baten bitartez”.
Azken urte honetan, gehitu du Landak “etxeko eta ostalaritzako erabilerako olioaren bilketa selektiboa, inausteen bilketa eta arraindendetako, supermerkatuetako eta fruta dendetako ateetako bilketa abiatu dira. Horiei gehitu behar zaie egun indarrean dagoen papera, ontzi, beira, tamaina handiko, pila eta fluoreszenteen gaikako bilketa eta gainontzeko hondakin berezietarako garbiguneak”.
Horrez gainera, ekimen berri guzti hauek Getxoko hondakinak Gestionatzeko Lantaldean jorratu dira, gure udalerrian osatutako taldean, non udal alderi politiko guztietako ordezkariak eta udalerriko elkarteak sartuta dauden, materia hau ezagutzeko.
Etxez etxeko bilketa sistema berria
Hondakinak etxez etxe biltzeko zerbitzua, hasteko, Zugatzarten eta Neguri aldean ezarriko da, dentsitate txikiko eremuak direlako eta, azterketa bat egin ondoren, hango etxeek baldintza bereziak dituztelako eta Getxoko Eremu Berezian daudelako. Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi den Joseba Arregik esan duenez, “sistema berriak birziklatze-tasak handitzen ditu eta kaleen itxura hobetzen du, haietatik edukiontzi asko desagertuko direlako. Gune batzuetan edukiontziak utziko dira kaleetan, laguntza moduan, kasu berezietan edo komunitate edo auzotarren batek une jakin batean behar duenean erabiltzeko”. Bilketarako 400 puntu baino gehiago egongo dira eta horretarako egutegi bat ezarriko da eta hondakinak batzeko tokia auzotarren komunitateekin adostuko da, dagokion frakzioko hondakinak uzteko. “Sistema berriaren arabera, auzoan sortutako hondakinak egunero batuko dira etxe edo etxalde bakoitzeko atalondoan, ontzi, paper eta kartoi eta errefusa-frakzioetan. Udalak emango ditu edukiontziak eta etxebizitza edo komunitate bakoitzaren ezaugarrietara moldatuko dira, tamainari eta egoiliar kopuruari dagokienez. Sistema izango duten finkentzat gauza erosoa da, hondakinak atalondo bakoitzaren inguruan jasoko baitira, auzotarrekin adostutako orduetan”, dio.
Bilketa-sistema koordinatzeko, hiriburu askotan arrakastatsua dena (Oviedo, Bartzelona, Madril, Paris), bilerak egingo dira hura ezarriko den auzoetako bizilagunekin, azaroaren 22an eta 23an (Areetako Getxo Elkartegian); eta telefono bat ere erabili ahalko dute kontsultak egin edo azalpenak eskatzeko: 900 102 716.
Edukiontzien ordezkatzea
Horrez gainera, datozen asteetan edukiontzi-flotaren berritzea hasiko da, haren bizitzaren batez bestekoa bete delako. Eremu edo irlak homogeneizatuko dira, guztiek, gutxienez, 4 edukiontzi izan ditzaten: organikoarena (5. edukiontzia edo edukiontzi marroia sartuko baita), paperarena, ontziena eta errefusarena. Beste irla batzuetan, 5 izango dira (beirarena barne), edo guztiak, 6 (olioarena sartuta). “Auzotarrek hondakin guztiak bidaia bakar batean uzteko aukera izatea erraztu nahi dugu”, Arregiren esanetan.
Kasu gehienetan, erabiltzaileen eta edukiontzien arteko tartea txikituko da, baita edukiontzi bakoitzeko biztanle kopurua ere (Getxo ratio txikiagoa duten herrietako bat bihurtuz, eta horrek birziklatzea errazten du eta udal baliabideak optimizatzen ditu), eta edukiontziak edozeinek erabiltzea lortzen da.
Era berean, lurperatutako edukiontziak ere jarriko dira Kresaltzu eta Ibaiondo kaleen artean, Romon.
Halaber, edukiontzi berriei eta horietan utzi daitezkeen hondakinei buruzko informazio-kanpaina bat egingo dela, eta bideo bat ere editatuko dela era integratuan proposaturiko zerbitzuaren laburpenarekin, besteak beste.
Bosgarren edukiontzia ipiniko da
Edukiontziak ordezkatzearekin batera irletan 5. edukiontzia edo edukiontzi marroia ere ipiniko da hondakin organikoak gainontzekoetatik bereizteko, Bizkaian dagoeneko ipini duten udalerriekin bat eginez. Zerbitzua 2017an jarriko da martxan, txartel sistemaren bitartez erabiliko da eta txartela eskatzeko epealdi bat ezarriko da hasiera batean; beharrezkoa denean iragarriko da.
Arregik nabarmendu duenez “frakzioa hau funtsezkoa da 2022an jatorrian egindako gaikako bilketaren %50eko helburua lortzeko. Bosgarren edukiontzia badabil, helburua lortuko dugu”.
Edukiontzi marroia nola erabili behar den eta zer nolako hondakinak onartzen dituen jakiteko, informazio-kanpaina bat ere egingo da.
Iruzkinak . Zure iruzkina egin
Ez dago iruzkinik