Udalak Puntu Garbi Mugikorraren zerbitzua zabaldu berri du udalerriko beste lau gunetara, etxean sortutako hondakin arriskutsuen eta arriskutsuak ez diren tamaina ertaineko hondakinen bilketari estaldura handiagoa emateko. Neurri horrek ekarri du, halaber, zerbitzua bi egun gehiagoz ematea, asteazken eta ostegunetan, orain arte bakarrik asteburuetan zebilelako, ostiraletik igandera. Hartara, 2010etik dauden puntuei, Romo-Areetakoa (Geltokia plaza) eta Algortakoak (Geltokia plaza, Bidezabal eta Iturgitxi parkea), honako hauek gehitu zaizkie: Gobelaurre parkea, Romon, Gernika parkea Negurin, Salsidu-Ollarretxe Algortan eta Kiroldegia Andra Marin.
Utz daitezkeen hondakinak
Puntu Garbi Mugikorrean –behar bezala identifikatu eta egokitutako ibilgailua- utzi daitezkeen hondakinak era askotakoak dira: olioak, pintura, laka eta bernizak, izotz-kontrakoak, disolbatzaileak, hidrokarburo hondakinak, iraungitako sendagaiak, hodi fluoreszente eta lanparak, pilak, hondakin elektronikoak, toner/tinta-kartutxoak eta CDak, besteak beste; eta horiez gainera, birziklatu daitezkeen tamaina ertaineko beste hondakin batzuk ere (elektratresna txikiak, txatarra...).
Ingurumen eta giza helburuak
Puntu Garbi Mugikorraren helburua da era horretako hondakinak batu, biltzerakoan sailkatu eta baimendutako gestiogileen instalazioetara eramatea, ondoren tratatu eta birziklatzeko. Modu horretan ez da kutsatzailerik isurtzen hondakin solidoen bilketako sisteman. “Herritar getxotarrei aukera eman nahi diegu produktu sorta guzti hori errazago birziklatzeko, eta udalerrian birziklatzea gero eta errazago izan dadin nahi dugu. Puntu Garbi Mugikorrarekin urrats bat gehiago egin dugu Udalak eta Ingurumen Arloak birziklatzearen alde abiatutako estrategian; baita iraunkortasunaren alde ere, Garbigune mugikorra auzo desberdinetara hurbilduta”, adierazi du Jose Luis Landa Ingurumen zinegotziak. Puntu garbiarekin bilketako zerbitzuak bateratzen dira –hondakin kopuru handia pilatzean-, eta ondorioz kostuak jaisten dira.
Ordutegia
Puntu garbia asteazkenetan dabil, 18:00etatik 21:00etara, Gobelaurre parkean; ostegunetan, 10:00etatik 14:00etara, Salsidu-Ollarretxen, eta 18:00etatik 21:00etara, Gernika parkean; ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara, Andra Mari kiroldegian, eta 18:00etatik 21:00etara, Romo-Areetako Geltokia plazan; larunbatetan, 10:00etatik 14:00tera, Algortako Geltokia plazan, eta 18:00etatik 21:00etara, Bidezabalgo anbulatorioaren ondoan; eta igandetan, 10:00etatik 14:00tara, Iturgitxi-Basarraten.
Iruzkinak . Zure iruzkina egin
Ez dago iruzkinik